Gora Euskal Herrientsak!

LARUNBATA, 24/02/2023

12etan. TXOKOGORRI

Komikiaren aurkezpena

Topaketa egilearekin

KOMIKI BERMUTA ASISKO URMENETArekin

Asisko Urmeneta Otsoa Errarteko (Iruñea, Nafarroa, 1965) nafar irudigilea eta komikilaria da. Komikia, ilustrazioa, marrazki bizidunak, prentsako karikatura eta abarretatik ateratzen du bizimodua. Umorea izan ohi dute ardatz bere lanek.

Gora Euskal Herrientsak! Asisko Urmenetaren saiakera grafikoak bost errientsa edo irakasle garrantzitsuri omenaldia egin nahi die, hala nola Kapitolina Buztintze Larrondo -Uxue, 1867-, Malena Jauregiberri Erbin -Aloze, 1884-, Jule Fernandez Zabaleta -Iruñea, 1898-, Katalina Alastuei Garaikoetxea -Iruñea, 1899-, Elbira Zipitria Irastortza -Donostia, 1906-, haien biografiak argitara ekarrita.

Gora Euskal Herrientsak!

Bistan da kulturaren transmisioan emakume aitzindarien zerrenda zabalagoa dela, eta komiki-album hau omenaldia ere bada Emakume Abertzale Batza, Begiraleak eta Euskal Eskolak gauzatu zituzten maistra kontzienteei, errientsa herrizale haiei.

Asisko Urmenetak idatzi eta marraztutako liburu hau argitalpen kooperatiboa da, Begiraleak elkartearen (EKE), Erroa argitaletxearen eta Herrima argitaletxearen artean, eta memoria historikoaren berreskurapen-ariketarako lanabes izan nahi du. Dom Campistron ilustratzaileak ere parte hartu du liburuan, barneko mapa eta 1924ko manifestua ilustratu baititu bere estilo askeaz bezain hausleaz.